Euskara eta kulturartekotasuna Elgoibarren: herritarrei zuzendutako aurkezpena martxoaren 24an

Elgoibarko Udalak herritar guztiei jakinarazi nahi die martxoaren 24an, 18:00etan, Aita Agirre kulturguneko areto nagusian, “Euskara eta kulturartekotasuna Elgoibarren” proiektuaren aurkezpen saio irekia egingo dela. Saioa euskaraz izango da, aldibereko itzulpenarekin. Ekimen hau Hezkuntza Mahaiaren baitan sortu zen, gure udalerriko kulturartekotasuna modu eraikitzailean lantzeko eta, aldi berean, euskararen erabilera eta ulermena komunitate osoan sustatzeko beharretik abiatuta. Hasieratik, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea izan da proiektuaren diseinuan eta garapenean gidari, Udalaren laguntzarekin.

Talde eragilea oso zabala eta aberatsa da, eta herriko eragile ugariren begiradak batzen ditu: Udaleko Gazteria, Hezkuntza eta Euskarako ordezkari politiko eta teknikoez gain, Herri Eskola, Ikastola eta Institutuko zuzendaritzek, Ludoteka eta Gaztelekuko hezitzaileek, Atxutxiamaikako arduradunak, Musika Eskolako zuzendaritzak eta gurasoen ordezkariek osatzen dute. Guztiek partekatzen dute helburu bera: Elgoibarren hizkuntza- eta kultura-aniztasuna modu positiboan bizi eta kudeatzeko baliabideak sortzea, eta euskara komunikazio-hizkuntza gisa indartzea, herritar guztiak barne hartuta.

Azken hilabeteetan egindako lana sakona izan da bai udalean, bai ikastetxeetan. Marko teorikoa eta jardun ildoak adostu dira, eta irakasleen, zuzendaritzen eta familien parte-hartze zabalarekin hainbat formatu eta proposamen garatu dira. Otsailaren 26an egindako lehen hitzaldi-solasaldian, “Euskara eta kulturartekotasuna gure eskolan” izenburupean, 90 irakasletik gora bildu ziren, eta bertan gure herriko errealitate linguistikoaren inguruko gogoeta aberatsa partekatu zen.

Orain, proiektuaren bigarren fasean, herritar guztiei irekitako saioa egingo da. Martxoaren 24ko topaketan, “Nola bizi dugu hizkuntza eta kultura aniztasuna Elgoibarren” gaiaren inguruan arituko gara, eta proiektuaren nondik norakoak modu ulergarrian azalduko dira. Helburua ez da informazioa ematea soilik; herritarren ikuspegia eta bizipenak jasotzea ere bada, guztion artean Elgoibarko hizkuntza- eta kultura-aniztasuna era baikorrean lantzeko.

Udalak dei berezia egiten die herritarrei saio honetan parte hartzera. Elgoibarren aniztasuna modu integratzailean kudeatzea guztion ardura da, eta proiektu honek bide bat irekitzen du elkarrekin eraikitzeko.