Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak Elgoibarko Makina‑Erremintaren Museoa bisitatu du

Lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua den Ibone Bengoetxeak, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatearekin batera, Makina‑Erremintaren Museoa bisitatu zuen. Bere sailak kultur ondarea, identitate kolektiboa eta hizkuntza politika uztartzen dituen eginkizuna kontuan hartuta, bisitaren helburua izan da euskal industriaren historia gorde eta zabaltzen duen gune bat bertatik bertara ezagutzea. Lehendakariordearekin eta Alkatearekin batera, Kulturako sailburuordea, Andoni Iturbe, eta Elgoibarko Kultura zinegotzia, Andrea Arriola izan dira.

Museoko ibilbidean zehar, ordezkaritzak Elgoibarren eta, oro har, Euskal Herrian makina‑erremintak izan duen eta egun duen garrantzia sakonago ezagutu zuen lehendakariordeak, Gurrutxaga Alkatearen eskutik. Bisitan zehar makina esanguratsuak ikusi zituzten, sektorearen bilakaera historikoa azaltzen dutenak, eta inguruko enpresek egindako ekarpenaz ere hitz egin zuten, Elgoibar makina‑erremintaren erreferente bihurtu duten industria‑sare sendo horretaz, besteak beste.

Maialen Gurrutxaga alkateak gogorarazi zuen Elgoibar makina‑erremintaren sorleku historikoa dela eta ohorea dela euskal erakunde nagusiek herriaren ondarea aintzat hartzea. “Elgoibarrek industria‑ondare paregabea du, eta museo hau gure herriaren nortasuna ulertzeko funtsezko gunea da. Udaletik argi daukagu elkarlanak egiten gaituela sendoago, eta erakundeen arteko lankidetza horri esker, Elgoibarrek eskaintzen duen guztia —kulturalki, teknikoki eta historikoki— beste maila batera eramateko aukera dugu”. 

Udalak erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen, Elgoibarren garapen kultural eta historikoa sendotzeko ezinbestekoa baita. Museoak aukera paregabea ematen du herritarrek Elgoibarrek kulturalki eta historikoki eskaintzen duen guztia ezagutzeko: gure industria‑jatorria, garapen teknologikoa eta herriaren nortasuna eraiki duten balioak. Horrelako espazioek, hezkuntzaren eta dibulgazioaren bidez, gure iragana eta oraina lotzen dituzte, eta Elgoibarrek munduari erakutsi nahi dion guztiaren erakusleiho bihurtzen dira.

Lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua den Ibone Bengoetxeak, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea kulturako sailburuordea, Andoni Iturbe, eta Elgoibarko Kultura zinegotzia, Andrea Arriola eta museoaren zuzendaria, Rafa Zulaika