Korrika martxoaren 28an igaroko da Elgoibartik

Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzea helburu duena.

Martxoaren 19tik 29ra, etenik gabe, KORRIKAk Euskal Herria zeharkatuko du 24. aldiz, euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin.

Ekimen horren baitan, Korrika martxoaren 28an, larunbata iritsiko da Azkarateko gainetik gure herrira iluntzeko zazpi eta erdiak aldera, eta ongietorria egingo zaio, gutxi gorabehera, 20:00etan Txarridunaneko errotondan. 

Ekimen horrek duen garrantzia kontuan izanik, hainbat ekitaldi antolatu dira gure herrian. Korrika kulturalaren baitan, Laburbira, euskarazko laburmetraien zikloa izango da martxoaren 25ean, Udalak eta Ongarrik antolatuta, AEK euskaltegiarekin elkarlanean, eta martxoaren 27an “Escape Room” antzerkia. 

Martxoaren 26an, osteguna, 15:00etatik 16:00etara, Korrika txikia antolatu dute Herri Eskolak eta Ikastolak. Egun horretan, herriko kaleak zeharkatuko dituzte herriko LH ikasleek Maalatik hasi eta Kalegoen plazaraino.

Hurrengo egunerako, martxoaren 27 ostirala, 14:55etik 15:45era, Korrika txiki-txikia antolatu du Herri Eskolak Urazandi auzoko kaleetan HHko umeentzat.

Eta azkenik, martxoaren 28an, larunbata, Korrika herrira iritsi aurretik, “ZZ Gazteak-Nagiak Kentzen” taldeak ekintza bat antolatu du, gazteak Korrikan partzera gonbidatzeko. Horiek horrela, Mauxitxa txarangak kalejira egingo du 17:45-18:30era, Kalegoen plazatik hasi eta Maalaraino. Jarraian, Maalako parkean Zumba saio musikatua izango da 18:30etik 19:25era. Ekintza hau Elgoibarko Izarrak Udalarekin duen hitzarmenaren baitan antolatu da. Ondoren, hala nahi duten, herritar guztiek Korrikarekin bat egiteko aukera izango dute.

Elgoibarko Udalak ere parte hartuko du Korrikan. Elgoibarko Udaleko langile batek eta zinegotzi batek lekukoa eramango dute Armueta harategitik Altzolatarren dorretxera, ekimen honekiko eta euskararekiko atxikimendua adierazteko.

2024ko korrika elgoibarren