Egin errenta aitorpena euskaraz

Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak “Errenta aitorpena euskaraz!” izeneko ekimenarekin bat egin dute, herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko.

Ekimen horren baitan, herriko banku erakundeei eta aholkularitza etxeei gutun bat helarazi diete euren bezeroen artean euskararen erabilera sustatu dezaten Foru Ogasunarekiko harremanetan.

Taulan ikus daitekeen moduan, goranzko joera izaten jarraitzen du gure herrian errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen kopurua, nahiz eta iaztik hona izan den igoera txikia izan:

2008ko errenta aitorpena euskaraz 2020ko errenta aitorpena euskaraz 2024ko errenta aitorpena euskaraz 2025eko errenta aitorpena euskaraz
Kopurua Ehunekoa Kopurua Ehunekoa Kopurua Ehunekoa Kopurua Ehunekoa
Elgoibar 514 % 8,05 1.068 % 17,95 1.199 % 19 1.288 % 20

Gipuzkoan, berriz, 2025. urtean (2024ko ekitaldia) 83.818 zergadunek (familia unitateak) egin zuten errenta aitorpena euskaraz, hain zuzen ere, aitorpen guztien % 20.

Bestalde, hiru bide daude aitorpena egiteko eta guztietan erabil daiteke euskara: autolikidazio proposamena, aitorpen mekanizatua eta Internet bidezkoa. Hala, 2025eko Errentaren kanpaina, 2026. urtean aurkeztuko dena, apirilaren 7an jarriko da abian Gipuzkoan. Autolikidazio proposamenak, berriz, martxoaren 30etik aurrera ikusi ahal izango dira.

Nola aukeratu euskara

  • Autolikidazio proposamena telefonoz edo Internetez onartzean, aitorpena euskaraz egiteko nahia adierazita.
  • Errenta mekanizatuko bulegoan laguntzen duen langileari aitorpena euskaraz egiteko nahia adierazita.
  • Foru Ogasunaren Zergabidea plataforman, errenta aitorpena euskaraz aurkeztean, euskararen aldeko hautua eginda.
  • Aitorpena egiteko bankuko erakunde edo gestoria bat erabiliz gero, errenta aitorpena euskaraz egiteko nahia adierazita.

Gipuzkoako Foru Ogasunarekin harremana euskaraz izateko argibideak Ogasunarekin euskaraz – Ogasuna – Gipuzkoako Foru Aldundia

Errenta aitorpen kanpainari buruzko datak eta informazio zabalagoa Sarrera gida eta bideoekin – Ogasuna – Gipuzkoako Foru Aldundia